Datorren azaroaren 22an ohiko Jam Session egongo da
Datorren azaroaren 22an (ostirala), 20:30etan, kurtso honetako lehen Jam Session ospatuko dugu Plateruena Kafe Antzokian. Bartolome Ertzilla Musika Eskolak antolatuta eta musika modernoaren mintegiak bultzatuta, ikasturtean zehar egiten diren hiru kontzertuetatik hau lehenengoa izango da.
Kontzertu desberdin eta interesgarrien bidez, Durangoko herritarrei zuzeneko musika inprobisatuaren errealitatea hurbiltzea da asmoa, eta aldi berean, aukera ematen zaie eskolako ikasleei oso eszenatoki berezian jotzeko, Plateruenan, hain zuzen ere.
Urte asko dira kontzertu hauek ospatzen, eta oraingoan, Carlos Velasco (gitarra), Kike Mora (baxua) eta Gorka Iraundegi (bateria) izango dira gonbidatuak. Irekiera honen ondoren, hirukote gonbidatuarekin batera kanturen bat interpretatzera animatzen diren ikasle eta musikari guztiei irekitako Jam Session honek jarraituko du.